Explore Urola
Astelehena, 27 Azaroa 2017 14:10

Bainua hartuz “Liliuratzen” Zestoan

Orain hilabete batzuk, zestoa bisitatu nuenean, liluratuta utzi ninduen herri honek zeukan historia. Vicente Davilaren eskutik gauza asko deskubritu ahal izan nituen, paleolitikoan hasi eta gaur egungo kontuak bisitatuz. Baina penaz gelditu nintzen Liliko jauregia ezin izan nuelako barrutik ikusi, hau asteburutan bakarrik zabaltzen baita eta bertan egiten diren bisita antzeztuetako bat bizitzeko gogoz egon naiz ordutik. Baina ez hori bakarrik. Badakit jakin, jende gehienak jakingo duen moduan, Zestoak fama handia hartu zuela bere momentuan bainuetxearengatik eta hau ere bisitatu gabe gelditu nintzenez, orduan eman nuen hitza bete eta berriz ere kotxea hartuta, Zestoarako bidean jarri naiz.

Egingo dudan aurreneko gauza Lili bisitatzea izango da. Bertara bidea zein den ezagutu nuen Ekainberrira joan nintzenean bertatik pasa bainintzen. Beraz, autoa erdigunean utzi eta gero, Turismo bulegotik pasa naiz erreserba egitera eta jauregirantz abiatu naiz.

 

oficina turismo zestoa

 

Aurrekoan bezala, aldapan behera joan naiz Urola Ibairaino, zubi zaharra pasa eta Lauiturri atzean utzita segituan iritsi naiz Lilira. Aurreneko bisitan hartuko dut parte.

 

lili senales

 

Lili jauregia Zestoako bailarako historiaren puntu garrantzitsuetako bat da. Lilitarrak inguruko nekazaritza lur, baso eta erreka askoren jabeak ziren, eta bere jabetzako baserriek errenta ugari ordaintzen zituzten.

 

lili exterior

 

Haien aberastasuna burdinaren eta zuraren lanketan oinarritzen zen, eta jauregia lilitarren gizarte mailaren erakusgarria zen. Baina, atea zabaldu bezain pronto, sartu ahal izateko “sarrera-txanpona” eskatu eta zerbitzari berria izango nintzela eskatu zidaten!! Ni!! Bandeja bat salatik sukaldera eramateko gai ez naiz eta!!

 

entrada lili

  

Hau deskalabrua… gainera zalditegian utzi naute. Gero konturatu naiz pasarte hau ere, bizi izan dugun antzezlanaren parte bat dela. Izan ere, antzezlan honetan, bakarrizketa baten bitartez, jauregian bizi izan zen lilitarren leinuko azken biztanleak, “Andre Madalenek”, 1678. urtera eraman gaitu eta jauregiari bisita eginez, orduko Gipuzkoa nolakoa zen erakutsi nahi izan digu.

 

carro lili

 

Historia gogorra da familia honena. Dena izatetik sekulako gainbehera batean sartzera pasa baitziren eta antzezlana gidatzen duen aktoreak modu bikainean sartu nau tristezia mundu horretan. Txundituta jarraitu dut esaten zidan guztia, zerbitzariak jabeari bezalaxe. Bigarren pisura igota, Jauregi gutxitan aurki daitekeena bezalako areto nagusia ikusi ahal izan dut, Italiar eta Flandriarren inbidia. Garai oparoetatik ihesi baina, Andre Madalenen senarra atxilotu zutenetik, desohorearen, lotsaren eta tristuraren laino beltzek etxea hartuta dago eta euskal emakume honek, bere barruan dituen indarra eta adorea nola ateratzen dituen bizi ahal izan dut.

lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat.

(Mikel Laboa)

Bisita amaituta, oraindik ez nago ziur gaur egunean gauden edo orain dela lau mende. Palazioa bikain dago zaharberrituta. Berau janzteko erabilita dauden tresna eta altzariek garai haietara eramaten zaituzte ezbairik gabe. 

 

lili teatro

 

Lilitarren gainbeherak, herriko beste fenomeno batekin kointziditu omen zuen denboran: Gesalagako ur termalen aurkikuntzarekin hain zuzen ere. Zestoak ur mota hauekin duen elkarbizitza beraz, oso da aspaldikoa eta honi eta herriak honi esker bizitako boom turistikoari buruz gehien jakin dezakeenetako bat Vicente Davila denez, berarekin gelditu naiz. Eta nun hobe Bainuetxean baino? Hala ere, denbora tarte bat badaukat oraindik eta tripa hotsek gaur egunera ekarri eta estomagoari kasu egin behar diodala esan didatenez, Mollergi tabernara gerturatu naiz mokadutxo bat jatera.

 

pincho mollergi

 

Urdaiazpiko eta piper berdez beteriko kuiatxozko pintxo ederra jan dut. Presentzia ederra bazeukan, zaporez zer esanik ez! 

 

entrada balneario zestoa

 

Beti bezain umoretsu eta irribarretsu hartu nau Vicentek. Beti irakasteko prest. Beti bat ahoa bete hortz uzteko prest. Lehenik, zubira eraman nahi izan nau, bertatik ikusi ahal izateko bainuetxean eraiki zen lehenengo eraikuntza: “Casa Baños” edo Bainu etxea”

 

pasillo puente balneario

 

Izenak badauka logikarik ez? Berau 1806koa omen da baina bainuetxea eraiki aurretik bertan jendeak bainuak hartu eta bertako urak eraten zituela ere jakina da. Jovellanos izeneko aditu batek eman zuen honen berri aurrenekoz, Zestoan, ibaiaren ondoan putzu batzuetan, jendeak gaixotasunetatik sendatzeko urak hartzen zituela esanez hain zuzen ere.

Bi iturburu ditu bainuetxeak eta batetik ura 31 gradutan irteten da eta bestea 29tan. Esaten da, bere garaian, elurra egiten zuenean, inguru honetan ez zuela zuritzen. Normala!! Gradu horietan irteten bazen orduan ere ura!! Tenperatura ezberdinak bakarrik ez, urek konposizio ezberdinak ere badituzte eta itxuraz bata ona da gibeleko gaitzak sendatzeko eta bestea giltzurrunarentzat. Urak berez, belardi arteko iturburu txiki batzuetatik irteten zen, baina jendearengana errazago heltzeko, nolabaiteko bi koba eraiki zituzten, Lourdes irudikatuz bezala, hemengo urak, hangoak bezala, mirarigileak direla irudikatuz. Bertatik pasatzen ziren bisitari guztiak ur baso bat hartu eta paseoan ibili eta gero bizitza soziala egiteko. 

 

enbotellado agua zestoa

 

Hori bai, guztiak komunetik pasatzen ziren aurrena, tripa guztiak garbitzen zituztelako ur hauek eta… gaurko kolazko freskagarrien antzera izango zen bada!! Botiletan ere saldu omen zuten Espainia eta Hego Ameriketan. Eta Urola trenari esker gainera etxe askotara iritsi omen zen.

Eraiki zen bigarren etxea, “Sarrerakoa” izan zen , 1852. urtean. Gaur egun frontoia dagoen lekuan omen zegoen.

 

balneario zestoa pasado

 

Eta bainu etxearen artean eta sarrera honen artean egundoko pasealekua egin zuten, jendeak bainuak hartzeaz gain paseatu zezan. Geroagokoa da Hotela edo “Gran Hotel” deritzona, 1895ekoa hain zuzen ere. Eta ondoren etorri ziren Alameda eta Etxeberri hotelak. Aurrenekoaren azpia gainera dendez bete zuten. Modu horretara mikrokosmos antzeko bat sortu zen, bisitariek bertatik irten behar ez zutelarik, bertan zutelako behar zuten guztia. Herri baten zegoen beste herri txiki bat zirudien, diruak sortzen duen mailaketa soziala eta guzti. Diru gehien zutenek Gran Hotelean hartzen zuten ostatu, bere igogailu, joko gelak, jantoki handi, musikari, kapila edo telefonistekin besteak beste. 

 

piano balneario zestoa

 

Zestoa Europako mapan kokatua zegoen jada Bainuetxeari esker. Pentsa, Alfonso XIIIren denboretan, ministro kontseiluak ere egin izan zirela bertan. Eta bainuetxearen itzalean, herria hotelez bete zen, 13 guztira, herriaren bizigarri izan zirenak . Hainbat momentu goren bizi izan zituen Bainuetxeak, batez ere, XX mendeko hasieran, Gudu Zibilaren aurretik eta gerora, 50. hamarkadan ere.

Hain handia izan zen hartu zuen fama, bere momentuan, ur gehiagoko emaria edukitzeko hainbat formula ezberdin bilatu zituztela, izan ere, zeukan bezero kopururako ur nahikorik izango ez ote zen beldur ziren. Gaur egun 200 bat pertsonek hartzen dituzte bainuak egunean, baina ura nahikoa badago guztientzat.  

 

comedor balneario zestoa

 

Vicentek hainbat historia kontatu dizkit, Pio Barojari edo Azorini adibidez, ez zitzaiela bat ere gustatu Bainuetxea gustatu bertan bizi zen giro aristokratiko eta aspergarriagatik. Aureliano Guerra y Orbe ministro ohiari berriz, zoragarria iruditu zitzaiola eta Zestoa eta bere inguruaz maiteminduta amaitu zuela. Edo, “Ama Begira Ezazu”ren pre-estreinaldia eta “Handiya” bezalako filmen grabaketak ere Bainuetxe honetan egin zirela. Edo, eraiki zuten zubiak zer nolako garrantzia izan zuen “bañistak” bertaratu ahal izateko. Edo herrian zegoen ohitura, Bainuetxera errekatik gabarra txikitan etortzekoa… Orduak egongo nintzateke berari entzuten. Uste dut, eskolan historia horrela irakatsi bazidaten, gaur egun historialari bat gehiago egongo litzatekeela munduan. 

 

comedor otro balneario zestoa

 

1983an Euskadin egon ziren uholdeek txikitu egin zuten Bainuetxea, baina berreraiki eta berriz ere garai batzuetako indarra berreskuratzen hasia da dagoeneko. Gainera, geroz eta gazte gehiagok bizi nahi izaten dute bainuetxeetako bizitza. Eta zer demontre, orduko eta gaur egungo bisitariek bizi izan dutena bizitzeko modurik onena nik ere probatzea izango da ba…

 

exterior balneario zestoa

 

Gorputza eta burua berria bailitzan utziko nauen “wellness” tratamendu batekin eta bainu lasaigarri bat hartuaz agurtzen naiz. 

 

piscina balneario zestoa

 

Orain ulertzen dut zergatik nahi izaten zuten Europa guztitik Urola Bailarako herri txiki honetara etorri.

 

termal balneario zestoa

 

Agurtu aurretik, ezin ahaztu, ondoan izan dudan Vicente Davilarekin (626 036 990 edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.). Berriro ere nire bidai ikaragarri honetan lagundu didan, dagoeneko esan dezaket, laguna. Berari entzuten orduak eta orduak pasako nituelako behin eta berriro. Bainuetxeko Mayte Rodrigezeri, esker bereziak eman nahi nizkioke, bere “etxeko” ateak zabaldu eta txoko guztiak ezagutzeko aukera emateagatik. 

 

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

Saila: Esperientziak

Badaukat lagun bat Ekain izena daukana eta beti pentsatu izan dut hilabetearekin zer ikusi zuzena zuela, baina aurreko baten izenei buruzko eztabaida batean, berea Zestoatik kilometro eskasera dagoen paleolitiko garaiko kobazuloarekin lotuta zegoela azaldu zidan. Gau horretan bertan hasi nintzen Interneten arakatzen informazio bila eta hor deskubritu nuen 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuela Ekain. Argi zegoen, bisita antolatu beharra neukan Zestoara.

 

ciudad zestoa

 

Gerturatu naiz herriko turismo bulegora informazio bila, baina bertara sartu aurretik harrizko eta egurrezko etxe handi bat aurkitu dut. Zestoan, historiaurreko kontuak baino zerbait gehiago bilatuko dudalakoan nago.

 

oficina turismo

 

casa portalekoa

 

Bulegoan Nerea izeneko neska jator batekin egon naiz hizketan. Berak azaldu dit Ekain berez ezin dela bisitatu baina bere erreplika baten barruan sentsazio berdinak bizi ahal izango ditudala eta Ekainberrira bidali nau.

Aldapan behera, zubi zahar batetik pasa naiz Urola ibaiaren gainetik

 

puente zestoa

 

Han ikusi dut berez Lauiturri deitzen zen antzinako garbitokia. Kartelek bikain markatzen dute jarraitu beharreko bidea eta mapa lau dobletan poltsikoan gorde dut.

 

lau iturri 

 

señales camino zestoa

 

Bidetik noala jauregi galant batekin egin dut topo. Liliko jauregia izan behar du honek. Antzerkiekin garai bateko bizitza erakusten omen dute bertan, baina asteburutan bakarrik egoten da zabalik eta beste baterako utzi beharko dut bertako bisita.

 

palacio lili

 

Lili atzean utzita, zuhaitz artean sartzen zaitu bideak, arnasa sakon hartu eta 360 graduko buelta eman dut, mendiak ikusi eta ondoko errekatxoaren soinua ere entzuteko.

 

paseo ekainberri

 

paseo tranquilo zestoa

 

Mikel Laboa etorri zait burura eta “Maite ditut maite gure bazterrak” kantatzen hasi naiz. Baina euriari tentatzea ez da ona eta bidea jarraitzea hobe dut. 500 metro eskasera aurkitu dut Ekainberriko atea.

 

ekainberri edificio 

 

ekainberri senales

 

Sastarraingo mendi magalean dagoen ormigoizko edifizio ikusgarria da. Arkitektonikoko oso berezia, bitan zatituta dagoena: kobaren erreplika eta museoa. Koba Jonekin ikusi ahal izan dut, sekulako pazientzia erakutsi du nerekin, behin eta berriz esan behar izan didalako argazkirik ezin dela atera. Egiari zor, burnizko atea gurutzatu bezain laster benetako kobazulo batera sartzen zarela dirudi, hotza, ur tanta bakoitzaren zarata, iluntasuna… margoek orain 14.000 urte egin zirenak dirudite. Ikusten dena ez dela koba osoaren erreplika azaldu digu, parterik garrantzitsuenaren kopia bat baizik.

 

pinturas ekain

 

Margoak horren ondo kontserbatzen dira, itxuraz, orain dela 12 bat mila urte lur-jauzi bat gertatu zelako eta Ekaingo koba tapatuta gelditu zelako. Mota honetako margoak horren ondo kontserbaturik, munduan oso toki gutxitan aurki ditzakegu eta bat hementxe bertan. Orduko gizakiak kobazulo honetan bizi ez zirela azaldu digu, hona pintatzera bakarrik etortzen zirela. Ekain beraz, orduko San Telmo edo Guggenheim zela esan daiteke. Jarri digun musika eta soinuek lagunduta, nolabaiteko bakea sentitu dut neure barruan, erlaxazioak ekartzen duen bakea, marrazkiak egiteko inspirazio eta musen bila artistek bizi izango dutenaren antzeko zerbait. Eskerrak hala ere, margotu beharrik ez dudan… hiru urteko umeak baino marrazki txarragoak egiten baititut.

 

museo ekainberri

 

Bake sentsazio horrekin pasa naiz museora Aintzanengana eta hartzei buruzko esposizio bat aurkitu dut bertan, benetako buruhezurrekin eta garai hartako erramintekin.

 

esqueletos oso

 

esqueletos oso femur

  

Horrek, paleolitikoan nola ehizatzen ote zuten pentsatzera eraman nau eta segituan aurkitu dut erantzuna: Ekain Abentura. Aintzanek kanpora atera nau eta bertan Bainuetxera egun batzuk pasatzera etorri den talde batekin elkartu naiz (daramadan trotearekin atseden pixka bat hartzea ondo etorriko zait eta ez harritu zuei esperientzia hori ere kontatzen amaitzen badut) eta sua nola egiten zuten, pintatzen eta ehizatzen nola ibiltzen ziren irakatsi digute.

 

ekainberri caza practica

 

Hor ikusi dut nire burua lantza bat eskutan eta gorputzeko atal gutxi batzuk ozta-ozta tapatzen zidaten larru-jantzi batekin, eta hara barrutik nola irten zaidan YABADABADOOOO!!! ozen bat. Guztiak parrez lehertzen jarri dira noski eta ni cherry tomateak baino gorriago. 

 

inaki sare firma

 

Ezin baina, benetako Ekain ezagutu gabe gelditu, kanpotik bada ere, eta bertatik banatzen nauten 600 metroak gustura asko egin ditut. Argazki kamerari su atera diot, tripa soinuak entzuten hasi naizen arte.

 

cueva ekain

 

Turismo bulegora jo dut berriz, mokadu bat non jan jakiteko eta herria bisitatzeko gida baten bila. Vicente Dabilaren telefonoa eman didate, baina beste bisita batekin zegoen eta pare bat ordura arte ezingo naiz berarekin gelditu. Tripa betetzeko aprobetxatuko dut beraz. Fati tabernara gerturatu naiz eta, Urola Gustagarri izeneko kartela ikusita barrura egin dut birritan pentsatu gabe.

 

fati taberna

 

Arantzazuk atenditu eta esplikatu dit Urola Gustagarri bailarako hainbat tabernek parte hartzen duten proiektu bat dela, bertako garaiko produktuei balioa eman eta bultzatzeko asmoz (oraingoan udaberria, eta horregatik Udaberriko Zaporeak dauka baita izen) pintxo edo jakiak egiten dituztela, gustu eta poltsiko denetan pentsatuz. Eta noski, kaña handi batekin batera “Lumagorria bere kabitxoan” izeneko pintxoa jateari ezin ezetzik esan. Kazola txiki batean, patatekin habia itxura emanda, lumagorriaren hegalak di-da batean irentsi ditut. Xamurrak eta ederrak.

 

pintxo gustagarri

 

Gustatu zait ideia eta proiektu honen barruan dagoen beste taberna bat bilatu nahi izan dut. Mollergi tabernara gerturatu eta “Euskal Kebab” pintxoa jan dut. Izenarekin bat dator produktua, itxura Kebab-arena, baina jatekoa hemengo zaporearekin. Lumagorria, letxuga, tomatea, tipula… dena saltsa berezi batekin bustia: primerakoa!

 

mollergi taberna

 

euskal kebab

  

Indarrak hartuta Vicenterekin elkartzeko eta herria ezagutzeko prest naiz. Elkartu gara eta bere gomendioei jarraituz, Zestoako Gurutzetik hasi dugu bisita.

 

cruz zestoa

 

Apenas hiru minutuan iritsi gara bertara. Gurutze hau XVII. Mendekoa omen da eta itxuraz, Erdi Aroaz geroztik, herri sarrerak markatzeko jartzen ziren horrelako gurutzeak. Leku berezia da bertakoentzat, gurutzearen aurrean egiten baitute zestoarrek danborrada festetan. Gainera historia bitxia dauka, 50. hamarkadan berritu behar izan zuten, oso egoera txarrean baitzegoen, baina igeltsero “iluminatu” batek pentsatu zuen kapitela alderantziz jarri ezkero, hobeto geldituko zela eta halaxe utzi zuen, gaur arte. Bira hasi dugu, eta hainbat etxe eta monumentu ikusi ditugu.

 

casa licenciado

 

pio baroja casa

  

Pio Baroja etxea”, herriko mediku izan zenean bizi izan zen etxea; jaietan zezen plaza bihurtzen den herriko plaza, zabala bezain xarmagarria (bertatik ikus daitezkeen bistak edifizio gainetatik ederrak dira), bertan grabatu zuten “Arriya” filma eta “Torilak” bezala ezaguna den edifizioa dago, 1767an propio zezenketak ikusteko Ignazio Iberok diseinatu zuena;

 

zestoa pueblo

 

Udaletxea, itxuraz Gipuzkoak udaletxe moduan daukan edifiziorik zaharrena, normalean Euskal Herrian hariztietan elkartzen baitziren herrian gertatzen zirenak eztabaidatzeko, baina Zestoan 1601an egin zuten etxe hau lan horietarako;agian herrian dagoen etxerik zaharrena den “Lizarritz baserria”, jada 1469ko dokumentuetan agertzen dena, nahiz eta gaur egungo itxura XVIII. Mendean hartu zuen;

 

lizarritz baserria

  

Torrea etxea”, udalaren enkarguz Gipuzkoako Batzar Nagusietako ibiltariak etortzen zirenean ostatu moduan funtziona zezan eraiki zena; edota sute arriskua saihesteko etxeetatik aparte eraiki zen Andre Maria Jaiotzaren eliza.

 

torrea etxea iglesia zestoa

 

Gauza asko denbora gutxian, leher eginda utzi nautena, baina herri honen historiaz gozatzeko aukera eman didatena. Banoa etxera, nire apunte liburuxka ondo beteta. Lo egiteko arazorik edukiko ez dudala uste dut, Pedro Picapiedra naizela amestuko ote dut??

 

mano inaki sare

 

Agur esan aurretik eskerrak eman nahi nizkioke turismo bulegoko Nereari, Ekainberriko Jon eta Aintzaneri, esperientzia paregabea bizitzeko aukera eman didatela eta, nola ez, Vicente Davilari (626 036 990 edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.) Zestoako txoko bitxi eta interesgarrienak erakusteagatik.

 

 

 

Iñaki Sare

 

  

 

 

Saila: Esperientziak
Astelehena, 24 Apirila 2017 10:36

ARANETA ERRETEGIA

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:40

UZTAPIDE

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:38

LOURDESENA

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:37

IRANZU

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:36

ENDOIAKO BILTOKIA

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:34

TXOKO

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:31

MOLLERGI

Saila: Zestoa
Astelehena, 03 Apirila 2017 10:28

KOIOTE

Saila: Zestoa
Orrialdea 1-(e)tik 3-(e)ra
FaLang translation system by Faboba